Honako artikulu honetan Fernando Hernandez-ek irakaslearen formakuntzaz hitz egiten digu, bai hasierakoaz eta baita etengabekoaz ere. Aditu honen hitzek irakaslearen lanari buruzko ikuspuntuaz pentsatzera eraman gaituzte eta honako galdera hau etorri zaigu burura:
“ Irakasleok nahikoa formakuntza jasotzen dugu gaur egungo gizartean ematen diren aldaketei aurre egiteko?”. Galdera hori airean uzten dugu apur batean pentsatu dezazuen.
Gure iritziz irakasleok ez dugu hasiera batean formazio nahikoa jasotzen, ondoren praktikan topatuko dugunari aurre egin ahal izateko. Irakasleok formazio akademiko egoki bat izateaz gain, hau da, oinarrizko gai batzuk ongi menperatzeaz gain, arlo emozionalean ere prestakuntza bat jaso beharko genuke zenbait egoeren aurrean modu positiboan esku hartzeko eta Haur Hezkuntzako tutore izango garen neurrian, beti arlo hori zaindu ahal izateko.
Horren harira, Zeichner adituaren hitz batzuk ekarri nahiko genituzke gogora: “Irakasleak beren praktiketatik ikas dezaten formatu behar dira”. Hau oso garrantzitsua iruditu zaigu, azken batean, gu baikara gure lanaren erdigunea, haurrak ezagutzen ditugunak eta egunerokotasunean haiekin lanean dihardugunak, beraz, autoreak dioen bezala, guk izan behar dugu gure praktikaren gidari eta ikertzaile. Horrek ez du nahi esan beste hezitzaileengandik eta profesionalengandik ikasi ezin dezakegunik. Noski, haiengandik ere ikasi beharko genuke, beste profesionalen esperientziak gureekin partekatuz eta guztion artean irakaskuntza hobetzen saiatuz.
Beraz, ikuspuntu hau izateak, tradizionalki egon diren zenbait ikuspuntu baztertzea dakar. Estatu Batuetan eta Espainian maiz formatzearen helburua irakasleak ikasleengan bere jakintzak “depositatzean” oinarritu izan da, irakasleek beren ikasleen emaitzetan oinarritu behar zuten eta hauek hobetu. Zorionez, ikuspuntu hori eraldatu da eta orain askoz ere modu zabalago eta berrizaleago batekin begiratzen diogu irakaslearen prestakuntzari. Dena den, esan nahiko genuke oraindik asko dagoela egiteko eta hasierako formakuntzak sakonagoa izan beharko lukeela. Horretaz gain, praktikaldia ere moldatu beharko litzateke, praktiketan aukera izaten baitugu unibertsitatean ikasitakoa lantzeko eta profesio honen mamia barneratzeko, beraz, arlo honi askoz ere garrantzia gehiago eman beharko litzaioke. Hori dela eta, hezitzaileek praktikak burutzen dituzten eskolak eta unibertsitateak elkarlanean aritu beharko lukete, batzuk besteengandik ikasiz.
Orain arte hasierako prestakuntzaz hitz egin dugun arren, etengabekoa ere oinarrizkoa iruditzen zaigula esan beharrean gaude. Hau laguntza emateko izango da eta inoiz ez genuke derrigorrezkotzat hartu beharko, irakasle bat derrigortuta sentitzen bada, bertan jasotakoa nekez jarriko baitu praktikan.
Gure ustez, formakuntzak ikuspuntu berrizale batez busti beharko du hezitzailea eta beti aldaketa bat ekarri beharko du. Bide horretatik, etengabe hezkuntza munduan diharduten profesionalekin bildu eta ikasitakoa konpartitzeko aukera eskaini beharko lukete formazio ikastaroek.
Ikusitakoa ikusi ondoren, gure ondorioa honakoa izango litzateke: goazen guztiok hezkuntza baloratu eta aintzat hartzera, irakasleen rola baloratzera eta irakaskuntzaren oinarriak zein honen zentzua birplanteatzera. Azken batean, etorkizuneko belaunaldiengan sekulako eragina izango dugu,gaur egun, hezitzaile izateko formatzen ari garenok eta baita dagoeneko irakasle izateko heziketa jaso dutenek ere.
No hay comentarios:
Publicar un comentario