lunes, 31 de mayo de 2010

AZKEN GOGOETA

Kaixo lagunok!

Ikasturtea bukatzear dagoenez, ondorio batzuk ateratzea pentsatu dugu.

Alde batetik, lehenengo egunetik plastika beste ikuspuntu batetik ikustera eraman gaitu gai honek. Gure esperientziatik abiatuta lan egiteak erreflexiora eraman gaitu. Bertan bizi dugun errealitateaz ohartu eta bertatik abiatuz konturatu gara etorkizunean errealitatea beste era batekoa izatea nahi dugula. Gizartea aldatu den arren, plastikako ikasgaiak bere horretan jarraitzen du. Gaur egun, telebistak eta ikus kulturak duen garrantzia aintzat hartuta, horretan hezi beharko genituzke haurrak. Orain arrte ikusi dugun guztia kuestionatzeak gure plastikari buruzko aurreideiak kolokan jartzera bultzatu gaitu.

Bestalde Arteleku, Koldo Mitxelena… eginiko irteerei esker artearekin kontaktuan jarri gara eta horrela gure ikasketa esanguratsuagoa bihurtu da.

Modu erakargarri batean teoriako zenbait kontzeptu arlo praktikoarekin batera landu ditugu, horrela, klaseak arinak gertatu zaizkigularik.

Azken gogoeta modura, gure ikasketa arlo honetan esanguratsua izan dela uste dugu.

Mikel Laboa Proiektuaren azalpena

Zurrunbilotik hegan egitera eta hitzetik musikara

Kaixo!

Mikel Laboa proiektuari buruz hasteko esan bere esaldi batean oinarritu ginela. Atentzioa eman zigun elkarrizketa batean ondo hitz egiten jakin balu ez lukeela musikarik egingo esan zuenean. Hori dela eta esaldi horretatik abiatuta bere eta gure artean lotura bat aurkitzen saiatu ginen. Honen inguruan pentsatzen jarri eta konturatu ginen guk Laboaren kontrakoa egiten dugula, hau da, hitzezko espresioa erabiltzen dugula gehienbat eta gero beste era batera barnekoa adierazteko orduan zailtasunak ditugula.

Horretan inspiratuta eta Laboa errepresentatzen duten elementuak erabiliz bi etapa bereizi ditugu gure artelanean. Alde batetik, gure oraingo egoera azaltzeko, hitzezko mundutik irten ezineko zurrunbilo bat irudikatu dugu alanbre bidez. Gero, gitarraren sokak erabili ditugu Laboak zurrunbilotik atera eta gure ideiak musika bidez askatzen laguntzen digula adierazteko. Horrela Laboak egiten duen bezala guri ere txorien modura hegan eginarazten digula azaldu nahi izan dugu.

Urolaldeko printzesen partez agur bero bat!

Maitasunez... urren arte muaks

domingo, 30 de mayo de 2010



Kaixo Artixtak!!

Gaurkoan aspaldian egin genuen irteera baten berri eman nahi dizuegu.Artelekuko bixitari buruzko iritzi eta inpresioak idatzi genituen, baina, Koldo Mitxelenako erakustaldikoak ez eta pentsatu dugu interesgarria izan daitekeela horri buruz zertxobait aipatzea.

Bertako erakusketa ez zegoen Haur Hezkuntzako haurrentzat bideratua. Baina, arteaz gozatzeko aukera eskaintzen da bertan eta hori positiboa da.Guk uste dugu arteari bideak zabaldu behar zaizkiola eta obra hauek ez direla museoetan giltzapean gorde behar. Guztien eskura ipini behar direla pentsatzen dugu,horrela, guztioi arteaz gozatzeko aukerak emanez!

Bertako artelanak berezi xamarrak iruditu zitzaizkigun baina esperientzia asko gustatu zitzaigun eta ederki pasa genuen. Azken batean, ikasturtean zehar behin eta berriro aipatu dugun jarduera bat egin genuen: ARTEAZ GOZATU!!
Honekin batera, aipatu nahi dugu artista biak oso ongi espresatzen direla beren obren bidez, bakoitza bere erara, barnean dutena espresatzeko modu ezberdinak jorratuz.







Obra hau izan zen gehien gustatu zitzaiguna!!


















Hau ere bitxia da! Ederki pasa genuen efektuak behatzen.




martes, 25 de mayo de 2010

Teknografia

Kaixo!!

Azkenean!!! Bukatu dugu gure teknografía gaurko klasean. Bertan, gure bizipenak eta plastika arloan eginiko ibilbidea ageri dira. Ilusio handiz ekin diogu lanari, nahiz eta batzuetan apur bat kostatu zaigun lana bideratzea.

Gai honetan egindako ibilbidea ere ongi ikus daiteke teknografiaren bidez. Gure ideietatik eta plastikaren inguruan genituen aurreiritzietatik abiatuz, gaur egungo egoerara pasa gara eta, azkenik, mundu magiko antzeko bat planteatzen dugu etorkizunerako, ea hala den!!

Besterik gabe, gustatzea espero dugu!!!

Urolaldeko printzesak.

domingo, 9 de mayo de 2010

MIKEL LABOA PROIEKTUA

Maiatzak 4

Gaur Estitxuk Mikel Laboaren proiektua aurkeztu digu, proiektuari arte ukitu bat ematea izango da gure lana plastikako ondorengo klaseetan.

Mikel Laboak eta bere belaunaldiko artista ezberdinek euskal kulturari emandako bultzada aztertu dugu gaurko saioan. “Gaur” taldea, “Ez dok amairu”… mugimendu kultural horiek gure kulturan oso garrantzitsuak izan ziren (eta dira) parentesi bat sortu baitzuten, gure kulturaren garapenean lagundu zuten. Euskal kulturaren alde lan egin zuten Mikel Laboak eta bere kideek, Euskal Herrian artea ia galduta zegoenean beraiek hartan sinetsi zuten.

“Beraiek izan zirelako, orain gu gara”.

Mikel Laboari buruz zertxobait gehiago jakiteko, bere omenez egindako bideo bat aurkezten dizuegu.

Ondo izan!


http://www.youtube.com/watch?v=fGsTv0lTpCY


viernes, 30 de abril de 2010

ETAPA EBOLUTIBOAK

Kaixooooo!!!!

Gaur, apirilak 30,Haur Hezkuntzako haurren etapa ebolutiboak aztertzen egon gara plasikako saioan. Teoria ikusi ostean, praktikan ipini dugu ikasitakoa, horretarako, Haur Hezkuntzako etapako bi haurren marrazkiak hartu ditugu eta hauek behatu. Haiek behatu ostean, zenbait ondorio atera ditugu, hauek jarraian azalduko dizkizuegu. Haurren marrazkiak ere bertan dituzue.

Ondo segi!!!!!




Gure ustez, marrazki hau egin duen umea karabaketa desordenatuaren etapan kokatzen da, izan ere, marrazkian ageri diren marrak modu deskontrolatuan sortuak dirudite. Kolore ezberdinak erabili arren, marrak nahiko antzekoak direla ikus dezakegu eta umeak ez dituela koloreak aldatzen forma ezberdinak adierazteko.

Dirudienez, haurrak ez du bere indarra kontrolatzen marrazkia egiterakoan, marra gehienak oso fuerte baitaude marraztuta. Dena den, marren kalitatea ezberdina dela ikus dezakegu, batzuk oso fuerte adierazten dituen bitartean, besteak oso suabe irudikatzen baititu. Horrek adierazten digu haurrak oraindik ez duela muskuluen kontrol zehatzik eskuratu.



Ume hau etapa aurreskematikoan kokatzen dugu, nahiz eta fase eskematikoko zenbait ezaugarri dituen ( errepikapena, adibidez). Formak desberdintzen dira, gorputz atalak proportzionalki eginak daude eta koloreei ez die hainbesteko garrantzia ematen, erabilitako koloreak berdintsuak baitira. Dena den, zenbait atal kolore ezberdinez adierazten ditu( ezpainak, ileko gomak, lepoa...).

Hala ere, garrantzitsua iruditzen zaigu izkina batean aurkitzen diren karabatuak aipatzea. Honek, aurreko etapako ezaugarri nabarmen bat erakusten du.

miércoles, 21 de abril de 2010

Artea bizitzako istorioak azaltzeko

Kaixo!!!!!

Hemen duzue arteaz gozatzeko eta haren bidez hunkitzeko bideo harrigarri bat.

Urolaldeko printzesen partez ondo iza :)


http://www.youtube.com/watch?v=LYXNeCPXSi0

jueves, 15 de abril de 2010

“BARTZELONAKOEKIN GOSARIA!”






Kaixo, kaixo!

Hemen gaude berriz ere gure blogean Bartzelonakoekin izandako elkarrizketaren inguruan zerbait idatzi nahian. Egia da asko lotsatu ginela bideoaren aurrean hitz egin behar horrekin, baina esperientzia ona izan zela iruditzen zaigu.

Blogean bildutako zenbait gauzataz hitz egin genuen: nola ikusten gaituzten haiek, nola ikusten duen artistak eta hezitzaileak bere burua, nola landu beharko litzateke artea eskoletan… beren iritziak ezagutzea eta beren esperientzien eta lan egiteko moduaren berri izatea oso aberasgarria izan da guretzat. Artistek gizarteari buruz duten ikuspuntuaz apur bat gehiago jakiteko balio izan digu ere esperientzia honek. Guzti honekin agerian geratu da bai arte ederretako ikasleek eta baita hezitzaileok ere gure ikuspegiak zabaltzeko nahia dugula eta gauzak aldatzeko gogo bizia dugula. Ez gara gure eskolan landutakoarekin bakarrik geratzen, erabat isolaturik, baizik eta besteen ekarpenak entzuten eta aintzat hartzen ditugu, gure esperientzia eta haiena batuz.

Azken batean, gauzak aldatu nahi baditugu gure egoeraz eta okerrez ohartu behar dugu eta gure lanerako baliagarriak izan daitezkeen esperientziei erreparatu. Honek erakutsi dugun gauzarik positiboena besteengandik ikas dezakegula eta besteek ere gugandik ikas dezaketela ohartzea da.

sábado, 27 de marzo de 2010

Irakasleok baliabide ugari ditugu artea lantzeko





Inoiz pentsatu ez ditudan gauza asko egin daitezke artearen bidez. Estitxuk emandako web orri interesgarri haietan kuxkuxeatzen aritu nintzen aurrekoan eta baliabide zein ideia ugari topatu nituen. Baina, bereziki, artea eta filosofia lotzen zituen proiektuak deitu zidan arreta.

“Pinturaren bidez pentsatu”. Helburua ikasle kritikoak sortzea da, pentsatzeko gaitasuna garatzen dutenak eta iritzi propioak dituztenak. Jarrera intelektualak eta emozionalak garatuko dituzte haurrek zenbait obren analisi eta sormena bultzatzen duten lanei esker.


“Musikaren bidez pentsatu” delako atalak ere erakarri ninduen. Musika haurrei gogoeta prozesuan laguntzen dien tresna gisa ikusten dute beraiek.

Azken batean, proiektu honek artea erreflexionatzeko baliabide gisa erabiltzen du eta hori oso interesgarria iruditzen zait. Artearen bidez ikuspuntuak zabal ditzazkegu eta gauzak hobeto eta modu erakargarriagoan barneratu ditzazkegu.

 Beraz, zergatik buruari ez eragin artearen bidez?
Zergatik ez pentsatu metodo dibertigarriago eta eraginkorrago baten bidez?

Ikuspegi honek, nire ustetan, argi uzten du artea ez dela soilik denborapasa gisa erabili behar, baizik eta, ikasleen ikuspuntua eta ideiak aldatzeko, berritzeko zein garatzeko iturri bat dela.


“En ningun sitio se ha de poner siempre la inteligencia por encima y en contra de los sentimientos, un educador tendría que centrar sus esfuerzos en hacer que los deseos fueran más inteligentes y las experiencias intelectuales más llenas de emoción”.

lunes, 15 de marzo de 2010



FRIDA KALHO

Bisitaren amaieran artelekuko liburutegira joan gara biografia gaia lantzera. Bertan, biografia atalera zuzendu gara eta hainbat liburu aztertu ostean, Frida Kalhoren liburuek arreta deitu digute, bere bizitza eta artea lotzeko duen moduagatik eta arteak bere bizitzan izan zuen eraginagatik.

Bere artelanek asko esaten dutela iruditu zaigu. Emakume honen artelanak nahiko gogorrak direla esango genuke berak bizi izan zuen egoera gogorra dela eta. Bere bizipenak kolore eta irudien bidez paperean plasmatzen zituen. Bere artelanak bere bizipenetan oinarritzen ziren. Hala ere, egoera horri aurre egiteko artearen babesa edo laguntza izateak, arteak gure bizitzan izan dezakeen eraginaz pentsatzera eraman gaitu.

Horretaz gain, Frida Kalhok bere sentimendu eta bizipenak espresatzen zituen eguneroko baten. Kolore ezberdinak erabiltzen zituen egunerokoa idazteko eta bertan hitz solteak idazten zituen.

Hau horrela, harrigarria egin zaigu emakume honek bizitako bizi gogorra nola espresatu, adierazi eta plasmatzen duen artearen bidez.

UMEEKIN LANTZEKO FRIDA KALHO PROIEKTUA

Artelekuko liburutegian H.Hko 5 urteko haurrekin biografia eta Frida Kalho lantzeko proiektu bat pentsatu genuen. Helburua, haurrek beraiek bizitako gertaera, sentsazio edo bizipenen bat marrazki eta koloreen bidez paper batetan espresatzea izango litzateke, kolore ezberdinetako margo, errotulagailu, kartulina, tela zatiak,…bezalako material ezberdinak erabiliz. Ondoren, bakoitzak bere artelana eta gertakizuna edo bizipena nola eta zergatik lotu dituen azaldu beharko luke hau azalduz.

Bide honetatik, haurrek oroimenean atzera egiteko aukera izango dute eta bide batez bizipena artearekin lotzeko aukera, Frida Kalhok bizi izan zen garaian egin zuen bezala.

ARTELEKU

Oso interesgarria iruditu zaigu, gaur martxoaren 12a ostirala, artelekura egin dugun bisitaldia. Irteera ezberdina eta aldi berean arina izan da. Eraikinera bidean arte usaina nabaritu dugu, graffiti eta kolore bizitako irudiek artelekura iristen ari ginela adierazi baitigute. Gauza askoren artean, eraikina bera, hirigunetik nahiko urrun egoteak atentzioa deitu digu.

Eraikina handia, zabala, argitsua,…da, artistek bertan beren artelanak egiteko erosotasuna eta giro berezia lor dezaketela uste dugu. Beraz, artearekin harremanetan jartzeko toki paregabea da. Hala ere, nabarmendu nahiko genuke mundu hau, erakinaren kokalekuagatik edo gure utzikeriagatik gure artean nahiko ezezaguna dela.

Beste museo edo erakustalditan ez bezala azkeneko emaitza ikustera ohituta gauden arren, gaurkoan artelanak amaitu gabe edo proiektuak daraman prozesua,…ikusteko aukera izan dugu. Horretaz gain, inoiz pentsatuko ez genukeen materialekin lan egin daitekeela jabetu gara.

lunes, 1 de marzo de 2010

· Zer garaiko eraginak jaso zenituztela uste duzue?

· Zer gehiago landu daiteke plastikan, zuen hezkuntza historian landu ez zenutena?


Hezkuntza artistikoaren eboluzio historikoa ikusita, gure belaunaldia 1990Ko LOGSE legearekin dator bat. Hori dela eta gure heziketan lege hau aplikatu beharko luketen arren, gure heziketa artistikoa aztertuta 1990ekoak baino gehiago, 1970ko LGE legearen eraginak jaso ditugula ikusi dugu.

Taldekide guztion artean eztabaidatu eta guztiok ados gaude guri eman diguten heziketa artistikoaren helburua marrazketa eta eskulanen kontzeptu tradizionalak gainditzea izan dela imaginak irakurtzeko gaitasuna lantzea baino gehiago. Gainera, eta nahiz eta legeak kontrakoa dioen, teknika ezberdinak erabili ditugun arren ez dugu uste libreki adierazten utzi zaigunik eta ezta gure kreatibitatea ateratzen utzi zaigunik ere.

Gizartea aldatzen ari den bezala artea egiteko modua ere aldatzen ari da, horregatik eskoletan plastika irakasteko moduak ere aldatu behar lukeela uste dugu. Gaur egungo arteak, bizi dugun errealitatea, gizartea plasmatzen du. Istorioak kontatzen ditu, ez dira irudi soilak, baina, hauek ezkutatzen duten esanahia ulertzeko begirada kritiko batez begiratzea ezinbestekoa da. Begirada kritiko hori garatzea da gure ustez eskoletan arte hezkuntza irakasterakoan izan beharko genukeen helburuetariko bat.

Bestalde, artea komunikatzeko era bat denez, plastika arloan jarduera honen komunikatzeko ahalmenak ezagutaraztea ahalbidetu beharko genuke, haur bakoitzari bere erara espresatzen utziz, bere lanetan azaldu nahi duena libreki espresatuz. Arteak liberazio bat izan behar du, norberak inolako araurik gabe, bere gauza propioak sortzeko. Horrela, geure identitate propioa eraikitzen lagunduz.

Horrez gain, esperientzia artistikoek pentsamenduaren garapena ere bultzatzen du. Horretarako haurrei material desberdinak eman eta material bakoitzak eskaintzen dituen aukeren inguruan pentsatu eta horiek kontuan hartuz sortzen utzi behar zaie.

Hori guzti hori gauza dadin ordea, beharrezkoa da irakasleak gaiaren inguruko jakintza bat izan eta haurrak bideratzea, hauek, artearekiko jarrera positibo bat gara dezaten honek eskaintzen dituen aukeretaz gozatu eta aske sentitzeko. Bestalde, ebaluatzeko metodoak ere aldatu beharko liratekeelakoan gaude, orain arte gu ebaluatu gaituzten era, guztiok lan berdina egin eta originalaren antzekoena zenari notarik onena eta originaletik gehien urruntzen zenari baxuena jartzea, bukaerako emaitzari garrantzia ematea da. Horren ordez haur bakoitzaren laneko jarrera, prozesu osoa, baloratu beharko litzatekeela uste dugu, bakoitzaren mundua ikusteko era, sormena, ideia propioak... indibidualtasunez baloratu eta horri esker haurrak beldurrak alde batera utziz libreki espresatzera animatuz.




martes, 16 de febrero de 2010

“NONDIK GATOZ?”

Kaixo!

Hementxe gaude berriz ere probetxuzko zerbait idatzi nahian. Gaurkoa plastikako 2.saioa izan dugu eta,dagoeneko, gure bideorako lehenengo pausuak ematen hasi gara. Gure buruari eragin behar izan diogu txikitatik plastikarekin izan ditugun harremanak gogorarazteko. Oroitzapen batzuk erraz etorri zaizkigu burura, beste batzuk, aldiz, ezkutuan genituen gorderik. Dena den, guztion artean hitz eginez kontu asko gogorarazi ditugu. Ariketa honek, besteak beste, gure bizitzatik paseotxo bat emateko balio izan digu, gauza askoz ohartu gara eta, neurri batean, garai haietan sentitutako zenbait sentsazio berriz ere bizi izan ditugu.

Pentsatzen dugu hau oso onuragarria izango dela, azken batean, gerora bideoa gure oroitzapenetan oinarriturik sortu behar baitugu. Gure ideiiak bizitako egoera haietatik atera beharko ditugu, hori dela eta, urrengo astean guztion oroitzapenak bildu eta lan honi eutsiko diogu.

Ilusio handiz ekingo diogu proiektu berri honi. Azken batean, gure bizitzako pasarteetatik eta esperientzietatik gauza asko ikas ditzakegula iruditzen baitzaigu.

· Zein da esperientzia baino maixu hobea?

lunes, 15 de febrero de 2010

"SIRKEN ROBINSON-EN BIDEOAREN IRUZKINA"

Jarraian, Robinsonek bideoan aipatzen dituen zenbait ideia azalduko ditugu, beti ere hauek gure iritziekin alderatuz.
Lehenik eta behin esan bideoan ageri den ideia bat oinarrizkoa iruditzen zaigula eta autorearekin bat gatozela: "Hezitzean irakasle asko arlo batean bakarrik zentratzen dira, alegia, buruan".

Ikasleen alderdi kognitiboan zentratzeak, gainerako alderdiak alde batera uztea eta pertsonek dituzten alderdi asko alperrik galtzea ekartzen du . Plastika, musika, dantza… bezalako gaiak betidanik bigarren mailako irakasgai bezala hartu izan dira edozein hezkuntza sistemetan eta guk uste dugu autoreak bideoan dioen bezala, alfabetatzea bezain garrantzitsua dela haurrek eskolan berezkoa duten sormen hori lantzea.

Gure eskoletan haurrak denbora luzez eserita egoten dira, irakasleak esaten duena "entzuten". Azkenerako aspertu egiten dira, mugimendua behar dute, gauza berriak egin, inprobisatu, jakinmina asetu… hau guztia beren irudimena erabiliz, noski!
Ildo horretatik guri honako bi galdera hauek etortzen zaizkigu burura:

· Zergaitik jarraitu behar ditugu betiko ereduak?
· Zergaitik nahi dugu haur guztiak etorkizunean pertsona eredu bera izatea?

Guk uste dugu aberastasuna pertsonen aniztasunean dagoela, beraz, hori lortzeko haurrak beren interes eta motibazioen gainean hezi beharko genituzkeela iruditzen zaigu.

Gainera, hezitzaile izango garen neurrian, kontuan hartu behar dugu haur guztiek sormen natural bat dutela eta sormen horri mugak jarriz hezitzen ditugunean, hau garatzea mugatzen ari garela. Adibidez, zer gertatuko litzateke Robinsonek zioen dantzari hori dantza eskola batera bidali beharrean, maila akademikoan heziko balute ?
Bada, bere doaiak alferrik galduko liratekeela.

Azken batean, haurrei modu ausartean jokatzen utzi behar diegu beraiek ez baitute, helduok bezala, gauzak gaizki egiteko beldurrik. Beladur hori garatzea hezkuntza ereduaren ondorioa dela esan daiteke, ikaskuntza emaitzen arabera baloratzen den honetan akatsak zigortu egiten baitira. Lehen esan dugun bezala haurrei beren berezko sormen eta doainak garatzen lagundu behar diegulakoan gaude, inolako ereduei jarraitu gabe, askatasunez adierazten utziz eta bakoitzaren interesak errespetatuz. Horretarako honako mezu hau buruan izan behar dugu: "Gauzak eginez eta arriskatuz soilik irits gaitezke gauza egoki eta originalak sortzera!"

Jarraian duzue Sirken Robinsonen hitzaldiaren bideoa, tira ikus ezazue oso interesgarria da eta!

“ Qué está pasando?”

Honako artikulu honetan Fernando Hernandez-ek irakaslearen formakuntzaz hitz egiten digu, bai hasierakoaz eta baita etengabekoaz ere. Aditu honen hitzek irakaslearen lanari buruzko ikuspuntuaz pentsatzera eraman gaituzte eta honako galdera hau etorri zaigu burura:
“ Irakasleok nahikoa formakuntza jasotzen dugu gaur egungo gizartean ematen diren aldaketei aurre egiteko?”. Galdera hori airean uzten dugu apur batean pentsatu dezazuen.

Gure iritziz irakasleok ez dugu hasiera batean formazio nahikoa jasotzen, ondoren praktikan topatuko dugunari aurre egin ahal izateko. Irakasleok formazio akademiko egoki bat izateaz gain, hau da, oinarrizko gai batzuk ongi menperatzeaz gain, arlo emozionalean ere prestakuntza bat jaso beharko genuke zenbait egoeren aurrean modu positiboan esku hartzeko eta Haur Hezkuntzako tutore izango garen neurrian, beti arlo hori zaindu ahal izateko.

Horren harira, Zeichner adituaren hitz batzuk ekarri nahiko genituzke gogora: “Irakasleak beren praktiketatik ikas dezaten formatu behar dira”. Hau oso garrantzitsua iruditu zaigu, azken batean, gu baikara gure lanaren erdigunea, haurrak ezagutzen ditugunak eta egunerokotasunean haiekin lanean dihardugunak, beraz, autoreak dioen bezala, guk izan behar dugu gure praktikaren gidari eta ikertzaile. Horrek ez du nahi esan beste hezitzaileengandik eta profesionalengandik ikasi ezin dezakegunik. Noski, haiengandik ere ikasi beharko genuke, beste profesionalen esperientziak gureekin partekatuz eta guztion artean irakaskuntza hobetzen saiatuz.

Beraz, ikuspuntu hau izateak, tradizionalki egon diren zenbait ikuspuntu baztertzea dakar. Estatu Batuetan eta Espainian maiz formatzearen helburua irakasleak ikasleengan bere jakintzak “depositatzean” oinarritu izan da, irakasleek beren ikasleen emaitzetan oinarritu behar zuten eta hauek hobetu. Zorionez, ikuspuntu hori eraldatu da eta orain askoz ere modu zabalago eta berrizaleago batekin begiratzen diogu irakaslearen prestakuntzari. Dena den, esan nahiko genuke oraindik asko dagoela egiteko eta hasierako formakuntzak sakonagoa izan beharko lukeela. Horretaz gain, praktikaldia ere moldatu beharko litzateke, praktiketan aukera izaten baitugu unibertsitatean ikasitakoa lantzeko eta profesio honen mamia barneratzeko, beraz, arlo honi askoz ere garrantzia gehiago eman beharko litzaioke. Hori dela eta, hezitzaileek praktikak burutzen dituzten eskolak eta unibertsitateak elkarlanean aritu beharko lukete, batzuk besteengandik ikasiz.

Orain arte hasierako prestakuntzaz hitz egin dugun arren, etengabekoa ere oinarrizkoa iruditzen zaigula esan beharrean gaude. Hau laguntza emateko izango da eta inoiz ez genuke derrigorrezkotzat hartu beharko, irakasle bat derrigortuta sentitzen bada, bertan jasotakoa nekez jarriko baitu praktikan.
Gure ustez, formakuntzak ikuspuntu berrizale batez busti beharko du hezitzailea eta beti aldaketa bat ekarri beharko du. Bide horretatik, etengabe hezkuntza munduan diharduten profesionalekin bildu eta ikasitakoa konpartitzeko aukera eskaini beharko lukete formazio ikastaroek.

Ikusitakoa ikusi ondoren, gure ondorioa honakoa izango litzateke: goazen guztiok hezkuntza baloratu eta aintzat hartzera, irakasleen rola baloratzera eta irakaskuntzaren oinarriak zein honen zentzua birplanteatzera. Azken batean, etorkizuneko belaunaldiengan sekulako eragina izango dugu,gaur egun, hezitzaile izateko formatzen ari garenok eta baita dagoeneko irakasle izateko heziketa jaso dutenek ere.

sábado, 13 de febrero de 2010

PLASTIKAKO GAIARI BURUZKO AURREIRITZIAK

Ikasgai honi buruz ditugun aurreiritziak oso positiboak dira.


Arlo honek ikuspuntu ireki eta aurrerakoiak bultzatzen dituela iruditzen zaigu, ikuspuntu hau guk betidanik izan dugun plastika kontzeptutik ezberdintzen dela dirudi. Hau irakasle izango garen neurrian onuragarria izango dela pentsatzen dugu, irakasle bezala ikuspuntu berrizaleago bat izatea egokia dela iruditzen baitzaigu, gauza berriak praktikan jartzeko gai izan behar dugu eta.


Badirudi ikasgai honen helburua gure barnean ezkutatuta dugun alderdi sortzaile bati bideak irekitzea dela eta hori ongi iruditzen zaigu, oinarrizkoa baita sormenari ateak irekitzea lana ongi egin ahal izateko. Ildo honetatik, ideia hau barneratu eta etorkizuneko belaunaldi berriek beren sormena erabil dezaten ahalbidetuko dugu, bakoitzaren gaitasun eta trebetasunak errespetatuz eta ez orain arte egin den moduan eredu bat jarraitzera behartuz.

Horretaz gain, ikasturte honetan, ulertu dugunaren arabera, plastika adierazmena ikusteko modu ezberdinak ezagutuko ditugu, oinarri horiek jaso ostean guk gure ikuspuntu propioa eraikitzeko aukera izango dugularik.


Azkean finean, plastika mundua ikusteko beste era bat da eta pertsonak oso anitzak garenez eta mundua ikusteko modu ezberdinak ditugunez, bakoitzari bere erara espresatzen utzi behar zaiolakoan gaude.