sábado, 27 de marzo de 2010

Irakasleok baliabide ugari ditugu artea lantzeko





Inoiz pentsatu ez ditudan gauza asko egin daitezke artearen bidez. Estitxuk emandako web orri interesgarri haietan kuxkuxeatzen aritu nintzen aurrekoan eta baliabide zein ideia ugari topatu nituen. Baina, bereziki, artea eta filosofia lotzen zituen proiektuak deitu zidan arreta.

“Pinturaren bidez pentsatu”. Helburua ikasle kritikoak sortzea da, pentsatzeko gaitasuna garatzen dutenak eta iritzi propioak dituztenak. Jarrera intelektualak eta emozionalak garatuko dituzte haurrek zenbait obren analisi eta sormena bultzatzen duten lanei esker.


“Musikaren bidez pentsatu” delako atalak ere erakarri ninduen. Musika haurrei gogoeta prozesuan laguntzen dien tresna gisa ikusten dute beraiek.

Azken batean, proiektu honek artea erreflexionatzeko baliabide gisa erabiltzen du eta hori oso interesgarria iruditzen zait. Artearen bidez ikuspuntuak zabal ditzazkegu eta gauzak hobeto eta modu erakargarriagoan barneratu ditzazkegu.

 Beraz, zergatik buruari ez eragin artearen bidez?
Zergatik ez pentsatu metodo dibertigarriago eta eraginkorrago baten bidez?

Ikuspegi honek, nire ustetan, argi uzten du artea ez dela soilik denborapasa gisa erabili behar, baizik eta, ikasleen ikuspuntua eta ideiak aldatzeko, berritzeko zein garatzeko iturri bat dela.


“En ningun sitio se ha de poner siempre la inteligencia por encima y en contra de los sentimientos, un educador tendría que centrar sus esfuerzos en hacer que los deseos fueran más inteligentes y las experiencias intelectuales más llenas de emoción”.

lunes, 15 de marzo de 2010



FRIDA KALHO

Bisitaren amaieran artelekuko liburutegira joan gara biografia gaia lantzera. Bertan, biografia atalera zuzendu gara eta hainbat liburu aztertu ostean, Frida Kalhoren liburuek arreta deitu digute, bere bizitza eta artea lotzeko duen moduagatik eta arteak bere bizitzan izan zuen eraginagatik.

Bere artelanek asko esaten dutela iruditu zaigu. Emakume honen artelanak nahiko gogorrak direla esango genuke berak bizi izan zuen egoera gogorra dela eta. Bere bizipenak kolore eta irudien bidez paperean plasmatzen zituen. Bere artelanak bere bizipenetan oinarritzen ziren. Hala ere, egoera horri aurre egiteko artearen babesa edo laguntza izateak, arteak gure bizitzan izan dezakeen eraginaz pentsatzera eraman gaitu.

Horretaz gain, Frida Kalhok bere sentimendu eta bizipenak espresatzen zituen eguneroko baten. Kolore ezberdinak erabiltzen zituen egunerokoa idazteko eta bertan hitz solteak idazten zituen.

Hau horrela, harrigarria egin zaigu emakume honek bizitako bizi gogorra nola espresatu, adierazi eta plasmatzen duen artearen bidez.

UMEEKIN LANTZEKO FRIDA KALHO PROIEKTUA

Artelekuko liburutegian H.Hko 5 urteko haurrekin biografia eta Frida Kalho lantzeko proiektu bat pentsatu genuen. Helburua, haurrek beraiek bizitako gertaera, sentsazio edo bizipenen bat marrazki eta koloreen bidez paper batetan espresatzea izango litzateke, kolore ezberdinetako margo, errotulagailu, kartulina, tela zatiak,…bezalako material ezberdinak erabiliz. Ondoren, bakoitzak bere artelana eta gertakizuna edo bizipena nola eta zergatik lotu dituen azaldu beharko luke hau azalduz.

Bide honetatik, haurrek oroimenean atzera egiteko aukera izango dute eta bide batez bizipena artearekin lotzeko aukera, Frida Kalhok bizi izan zen garaian egin zuen bezala.

ARTELEKU

Oso interesgarria iruditu zaigu, gaur martxoaren 12a ostirala, artelekura egin dugun bisitaldia. Irteera ezberdina eta aldi berean arina izan da. Eraikinera bidean arte usaina nabaritu dugu, graffiti eta kolore bizitako irudiek artelekura iristen ari ginela adierazi baitigute. Gauza askoren artean, eraikina bera, hirigunetik nahiko urrun egoteak atentzioa deitu digu.

Eraikina handia, zabala, argitsua,…da, artistek bertan beren artelanak egiteko erosotasuna eta giro berezia lor dezaketela uste dugu. Beraz, artearekin harremanetan jartzeko toki paregabea da. Hala ere, nabarmendu nahiko genuke mundu hau, erakinaren kokalekuagatik edo gure utzikeriagatik gure artean nahiko ezezaguna dela.

Beste museo edo erakustalditan ez bezala azkeneko emaitza ikustera ohituta gauden arren, gaurkoan artelanak amaitu gabe edo proiektuak daraman prozesua,…ikusteko aukera izan dugu. Horretaz gain, inoiz pentsatuko ez genukeen materialekin lan egin daitekeela jabetu gara.

lunes, 1 de marzo de 2010

· Zer garaiko eraginak jaso zenituztela uste duzue?

· Zer gehiago landu daiteke plastikan, zuen hezkuntza historian landu ez zenutena?


Hezkuntza artistikoaren eboluzio historikoa ikusita, gure belaunaldia 1990Ko LOGSE legearekin dator bat. Hori dela eta gure heziketan lege hau aplikatu beharko luketen arren, gure heziketa artistikoa aztertuta 1990ekoak baino gehiago, 1970ko LGE legearen eraginak jaso ditugula ikusi dugu.

Taldekide guztion artean eztabaidatu eta guztiok ados gaude guri eman diguten heziketa artistikoaren helburua marrazketa eta eskulanen kontzeptu tradizionalak gainditzea izan dela imaginak irakurtzeko gaitasuna lantzea baino gehiago. Gainera, eta nahiz eta legeak kontrakoa dioen, teknika ezberdinak erabili ditugun arren ez dugu uste libreki adierazten utzi zaigunik eta ezta gure kreatibitatea ateratzen utzi zaigunik ere.

Gizartea aldatzen ari den bezala artea egiteko modua ere aldatzen ari da, horregatik eskoletan plastika irakasteko moduak ere aldatu behar lukeela uste dugu. Gaur egungo arteak, bizi dugun errealitatea, gizartea plasmatzen du. Istorioak kontatzen ditu, ez dira irudi soilak, baina, hauek ezkutatzen duten esanahia ulertzeko begirada kritiko batez begiratzea ezinbestekoa da. Begirada kritiko hori garatzea da gure ustez eskoletan arte hezkuntza irakasterakoan izan beharko genukeen helburuetariko bat.

Bestalde, artea komunikatzeko era bat denez, plastika arloan jarduera honen komunikatzeko ahalmenak ezagutaraztea ahalbidetu beharko genuke, haur bakoitzari bere erara espresatzen utziz, bere lanetan azaldu nahi duena libreki espresatuz. Arteak liberazio bat izan behar du, norberak inolako araurik gabe, bere gauza propioak sortzeko. Horrela, geure identitate propioa eraikitzen lagunduz.

Horrez gain, esperientzia artistikoek pentsamenduaren garapena ere bultzatzen du. Horretarako haurrei material desberdinak eman eta material bakoitzak eskaintzen dituen aukeren inguruan pentsatu eta horiek kontuan hartuz sortzen utzi behar zaie.

Hori guzti hori gauza dadin ordea, beharrezkoa da irakasleak gaiaren inguruko jakintza bat izan eta haurrak bideratzea, hauek, artearekiko jarrera positibo bat gara dezaten honek eskaintzen dituen aukeretaz gozatu eta aske sentitzeko. Bestalde, ebaluatzeko metodoak ere aldatu beharko liratekeelakoan gaude, orain arte gu ebaluatu gaituzten era, guztiok lan berdina egin eta originalaren antzekoena zenari notarik onena eta originaletik gehien urruntzen zenari baxuena jartzea, bukaerako emaitzari garrantzia ematea da. Horren ordez haur bakoitzaren laneko jarrera, prozesu osoa, baloratu beharko litzatekeela uste dugu, bakoitzaren mundua ikusteko era, sormena, ideia propioak... indibidualtasunez baloratu eta horri esker haurrak beldurrak alde batera utziz libreki espresatzera animatuz.